6. Gure lan, antolaketa eta funtzionamendu ereduak praktika feministetatik eraldatzea
“GUNE ABEGITSUAK SORTZEN”
Gizartean aurkitzen dugunaren isla dira gure erakundeak ere; beraz, berdintasuna sustatzeko, gure erakundeko pertsonen arteko botere- eta desberdinkeria-harremanei erreparatu behar diegu, edozein dela ere haien sorburua: sexua, generoa, sexu- nortasun- eta -joera, jatorria, adina, gaitasunak eta abar.
Honenbestez, ikuspegi kritiko eta feminista txertatzea proposatzen dizuegu, balio eta jarduera eraldatzaileak garatuz pribilegioak identifikatu eta borrokatzeko, desberdinkeriazko harremanak prebenitu eta ezabatzeko, eta indarkeria matxistarik gabeko gune seguruak sortzeko.
Desberdinkeria prebenitzea, eta partaidetzatik eta erabakietatik ezabatzea
Botere-harremanak identifikatzea eta borrokatzea da feminismoen lehentasuna, eta zalantzan jartzea antolakundeetako pribilegioak. Horregatik, komeni da jakitea zer botere (ezkutukoa eta ikusezinezkoa) ari den harreman horiek bultzatzen.
Exkutuko boterea
Garrantzizkotzat jotzen den horren gaineko kontrola, baina nabarmentzen ez dena eta informazio- zein erabaki-kanal ohikoetatik kanpo eramaten dena
Botere ikustezina
Nola plazaratzen diren kontzienteki edo inkontzienteki barneratuak ditugun ideia matxista eta produktibistak
Kontuan izan beharrekoak:
- Badakizue non dagoen ageriko boterea, baina ba al dakizue zer botere (ezkutukoa eta ikusezinezkoa) ari den eragiten zuen antolakuntza- eta harreman-prozesuetan?
- Zer nortasun eta zer posizio dira pribilegiozkoak zuen erakundean?
- Nola bermatzen duzue guztien partaidetza ekitatiboa? Zer baliabide- eta/edo metodologia-mota erabiltzen duzue horretarako?
- Zehaztu duzue erabakiak hartzeko prozesua? Argia al da? Non hartzen dira erabakiak? Zer gairi buruzkoak hartzen dira, nork eta nola hartzen ditu? Egiten al da erabakien jarraipenik eta berrikuspenik?
Horizontaltasuna eta erantzunkidetasuna sustatzea
Hona zer aztertu behar den: nola legitimatzen eta hobesten diren lan egiteko era jakin batzuk, zeri ematen zaion balioa, zeri ez diogun kasurik egiten eta zer bihurtzen den ikusezin. Ez da kasualitatea desberdinkeriaz balioestea funtzioak, atazak eta gaiak; izan ere, ikuspegi produktibista eta sexistetatik ekiten zaie. Ez ditugu berdin balioesten erakunde batekiko bilera batean gure erakundearen ordezkari izatea, eta dena prestatzea bilera horretan denak gustura senti daitezen.
Kontuan izan beharrekoak:
- Kontuan hartzen al ditu zuen planifikazioak gai hauekin lotutako eginkizunak: inguruaren, pertsonen, zuen arteko giro onaren zaintza…, ala erakundearen iraunkortasun ekonomiko-finantzarioa bakarrik hartzen duzue aintzat?
- Kontuan hartzen al duzue erantzunkidetasunaren kontzeptua atazak eta funtzioak banatzean, batez ere agerikoak ez direnak? Zer ataza eta funtzio egiten dira txandaka?
Pertsonen zaintza sustatzea
Badira jada urte batzuk zaintzak aitortzea eta pertsonak lehenestea feminismoaren agendan daudela, eta horregatik mintzatzen gara «erakunde abegitsuak» sortzeaz ekonomia sozial eta solidarioaren munduan.
Harremanei erreparatu behar diegu, gatazkak prebenitu eta kudeatzeko; izan ere, gatazkarik ez da faltako, inongo erakunde ez da libratzen gaitz horretatik.
Kontuan izan beharrekoak:
- Zenbateko lekua dute emozioek zuen ohiko antolakuntza- eta funtzionamendu-jardueretan?
- Zer jarrera hartzen duzue gatazkekiko? Beldurra diezue? Saihestu egiten dituzue? Aurre egiten diezue? Zer tresna dituzue gatazken prebentziorako eta haiei aurre egiteko?
Indarkeria matxistarik gabeko guneak sortzea
Era askotara adierazi ohi da indarkeria matxista, eta batez ere emakumeek jasaten badute ere, genero- eta sexualitate-eredu arau-emailetik kanpoko jendeari ere eragiten dio (lesbianak, homosexualak, transexualak, genero-eredu tradizionala nabarmen urratzen dutenak).
Eta zergatik arduratu behar dugu gure erakundeak horrelakorik gertatzen ez bada? Ez delako arazo pertsonala, baizik eta politikoa, egiturazkoa den aldetik; beraz, aurre egin behar diogu. Bestalde, 2020az geroztik enpresa guztiek izan behar dute sexu-jazarpena eta/edo sexuagatikoa prebenitu eta hari aurre egiteko prozedura edo protokoloren bat, edozein dela ere langile-kopurua.
Zeuen protokoloa edo prozedura balia dezakezue, edo zuenaren antzekoa den beste enpresa edo sareren batena.
Kontuan izan beharrekoak:
- Zenbatekoa da zuen enpresan jarduera eta/edo iruzkin matxista, sexista, homofobo eta lesbofoboen aurkako gaitzespen-maila?
- Ba al duzue sexu-jazarpena edo sexuagatikoa dela medio sortzen diren diskriminazio-egoerei aurre egiteko modurik?
Tresnak
- Jarduera-protokoloa indarkeria matxistak prebenitzeko, identifikatzeko eta haien aurka esku hartzeko
- Sexu-jazarpeneko, sexuan oinarritutako jazarpeneko eta sexu-orientazioko egoeretan prebenitzeko eta jarduteko protokoloa
- Asoziazionismoan sexu-jazarpenari aurrea hartzeko eta aurka egiteko gida
- Aniztasuna erakusten dituzten hizkuntza eta irudien gida