ZERGATIAK
- Laguntzarik baldin baduzu, hasiera ez da hain gogorra
- Lana bizitzaren euskarri, ez bizitza lanaren euskarri
- Inklusiboa eta bidezkoa, eta ahalduntzailea
- Munduaren eta biodibertsitatearen mugak errespetatuz
- Tokian tokikoa: komunitatetik komunitatearentzat
- Gauzak egiteko beste modu batzuk esperimentatzeko laborategiak gara
- Hobeto eusten diegu krisiei, eta erresilienteagoak gara
- Geroa, geurea
Laguntzarik baldin baduzu, hasiera ez da hain gogorra
Ekintzailetza kolektiboak sustatzen ditugu, ESSaren ekosisteman kateatuak. Lankidetzaren kultura sustatzen dugu, lehiarenaren ordez, partaidetza-eremuak sortuz eta sareko lana bultzatuz.
Lana bizitzaren euskarri, ez bizitza lanaren euskarri
ESSaren ikuspegitik, enplegua edo beharra baino askoz gehiago da lana: bizitzari eusten dion giza jarduera da, bizitzaren zaintza eta erreprodukzioa (oraingoa eta gerokoa) ahalbidetzen dituena. Horregatik, pluralean mintzatzen gara lanei buruz: produktiboak eta erreproduktiboak, profesionalak eta boluntarioak, ordainduak eta doakoakā¦
Inklusiboa eta bidezkoa, eta ahalduntzailea
Desberdinkeriak murrizteko ahalmena du ESSak, zenbait estrategia erabiliz horretarako: elkarrekiko harreman erantzunkideak sustatuz, lanen berdintasunezko banaketa eginez, gobernantza-jarduera eta -egitura demokratikoak eta horizontalak garatuz, ondasunez eta zerbitzuez baliatzeko aukera herritar guztiei emanez, parte hartzeko eskubidea bermatuz… Horregatik, ahalduntze-eremuak dira ESSko erakundeak, maila pertsonalean zein kolektiboan.
Munduaren eta biodibertsitatearen mugak errespetatuz
Proiektu kritikoak garatzea dugu xede, giza jarduera guztien ekodependentzia ulertzen eta ekologiaren aldetik jasangarriak diren produkzio- banaketa- eta kontsumo-ereduak proposatzen dituztenak, ingurumen-inpaktua mugatzen, birsorkuntzaren kultura bultzatzen eta landa-eremuaren, hiriaren eta naturaguneen arteko oreka sustatzen dutenak.
Tokian tokikoa: komunitatetik komunitatearentzat
Ingurunearekin eta komunitatearekin konpromiso irmoak dituzten proiektuak garatzen ditu ESSak, lurraldearen potentzialtasunak aprobetxatuz eta tokian tokiko beharrei erantzunez.
Gauzak egiteko beste modu batzuk esperimentatzeko laborategiak gara
Etengabe ari da eraberritzen eta hobetzen ESSa, ikasten eta inguruko mugimenduetatik elikatzen; esate beterako, feminismotik eta ekologismotik. Ekonomia eraldatzailea garen aldetik, etengabe ari gara jarduera sozioekonomiko berriak probatzen eta eraikitzen, egungo paradigmaren alternatiba izan daitezen.
Hobeto eusten diegu krisiei, eta erresilienteagoak gara
Krisi-garaietan, enplegu gutxiago suntsitzen da ESSko enpresetan gainerakoetan baino. Ereduaren berezko ezaugarrietan datza erresilientzia-gaitasun horren zergatia:
Enpresaren jabetza langileena izaki, kalitateko enplegua sortzea du xede jarduerak, ez enpresaren etekinak areagotzea.
Erabaki estrategikoak demokratikoki hartzeko langileen eskumenak lotura estua sortzen du haien eta enpresaren artean; hori dela eta, diru-sarrerak nabarmen gutxitzen direnean ere mantendu egiten dira enpleguak, suntsitu beharrean.
Ekonomiaren ziklo guztietan jarduteko ahalmena da ESSaren ezaugarrietako bat: gizartearentzat baliagarriak diren ondasunak eta zerbitzuak ekoizten ditu, hau da, oinarrizko beharrak asetzeko gaur egun herritarrek lehenesten dituztenak.
Geroa, geurea
Etorkizun orekatuagoa eta bidezkoagoa eskaintzen digu denoi ESSak, denontzako mundu bat. Jada funtzionatzen ari dira ESSaren alorreko erakundeak, eta geroz eta partaidetza handiagoa dute ekonomiaren zenbait eremutan. Etorri nahi al duzu gurekin bestelako mundu bat eraikitzera?